Hasi da egutegien garaia. Hilabete eta erdi geratzen da urtea amaitzeko eta jada 2017ko egutegiak prestatzen hasi gara. Poltsiko egutegiak, paretakoak zein mahai gainekoak prest ditugu, norberak bere argazkia aukeratzea bakarrik falta da.

Aurten proiektu polit batean parte hartzeko aukera izan dugu, izan ere Berastegiko Urepele Biltokiko gazteek urtero argitaratzen duten egutegia diseinatu genuen. Herriko argazkiekin osatutako egutegia izan da, Jose Martin eta Jose Lobo argazkilariek utzitako irudiekin.

Egutegi biodinamikoa egin nahi zuten, baratzako landaketei eta ilargiari buruzko informazioa zituena, baita beraiek zein herriko elkarteek antolatutako ekimenen berri emango zuena.

Azkenean, egutegian bertan islatu ditugu ilargiaren faseak (ilgora, ilbehera, ilargi betea eta ilargi berria), eta koloreekin ezberdindu ditugu ilargiaren goranzko eta beheranzko egunak, horiz eta berdez. Ondoan, garai bakoitzean egin beharreko lanak agertzen dira, horiz edo berdez koloreztatutako koadroetan. Garai bakoitzean erein, landatu edo aldatu, eta jaso behar diren fruituak ere jaso dituzte hilabete bakoitzean.

Hori bai, egutegian datak eta jai egunak apuntatzeko ohitura dugunez, oharrentzako lekua ere jarri diegu, bakoitzak nahi duen beste idazteko.

Egutegia Berastegin egin zen azokan jarri zuten salgai baina herriko dendatan ere erosi daiteke hemendik aurrera.