Pintxoz betetako tabernetako barrak guztiz aldatuko dira osasun-araudi berriarekin, baina jatetxeetako eskaintza-zerbitzuak ere aldaketak beharko ditu. Osasun-araudi berriak kutsatzeak ekiditeko bezeroek ahalik eta kontaktu gutxiena izan beharko dute bertako elementuekin, eta hauek erabilera bakoitzaren aurretik desinfektatu beharko dira.

Taberna zein jatetxeen aurkezpen txartela ziren menuak, bakoitzaren eskaintza aurkezteaz gain, bere izaeraren erakusgarri ziren. Koronabirusarekin oraingoz alde batera geratu beharko dira, desinfektatzen ibili nahi ez baduzue behintzat, eta zuen eskaintza erakargarri hori erakusteko beste modu bat bilatu.

Hemen aro berrirako lau aukera:

1.- Paperezko mantelak

Menuak jatetxeen aurkezpen gutuna dira. Bakoitzaren eskaintza zehatzaz gain, bere izaera ere ezagutzera ematen zuena. Paperezko mantelak lehen ere oso erabiliak izan dira, bai publizitatea egiteko baita plater konbinatu eta bokadilloen eskaintza erakusteko. Hemendik aurrera ere, erabilera bakarrekoak direnez, aukera ona dira mahaien garbiketa eta segurtasuna errazteko. Hala egin dute, adibidez, Larraitz-gain jatetxekoek. Hemen ikusi dezakezu beraien adibidea.

2.- Qr kartelak

Egunero menuaren eskaintza aldatzen duen jatetxea bazara, paperezko menuak ordezkatzeko aukera errazena QR-ak erabiltzea da. QR kodeak ohiko barra-kodeen antzekoak dira. Ezberdintasun nagusia lauki forma izatea da eta hiru laukitxo izaten dituzte, goiko bi izkinetan eta beheko ezkerraldekoan. Egitura honek informazio kantitate handia gordetzeko aukera ematen du. Honela, webguneetara estekak egiteko erabili izan da, turismo arloan informazio-panel ugaritan erabili izan dira. Erabiltzaileek mugikorrean QR irakurlea badute, kodea irakurriz zuzenean joango dira zuk nahi duzun orrialdera.

QR-aren aukera erabiltzeko beharrezkoa izango da nahi dugun menua web orrialde batean jartzea. Ondoren, webgunearen helbidea QR-ra pasa beharko dugu. Interneten orrialde ugari daude Qr kodeak doan sortzen dituztenak. Adibidez https://www.codigos-qr.com/ edo https://es.qr-code-generator.com/. Azken honetan, Qr-a irudi batekin pertsonalizatzen uzten du, jatetxeko logotipoa jartzeko aukera erabili dezakezue.

Kodea mahaietan itsatsita edo deigarria eta irakurgarria den lekuetan jarri daiteke. Ezberdinak izan daitezke leku bakoitzean sustatu nahi dugun eskaintzaren arabera. Mahaietan, adibidez, eguneko menuaren orrialdera bidali ditzakegu eta barra inguruan bokadillo, plater konbinatu edo razioetara.

3.- Online eskaerak

Internet bidezko erosketak zenbaterainoko indarra duten ikusi ahal izan da azken hilabeteetan. Indartu ere egin dira eta bertako produktuen eskaintzarentzako aukera ezin hobea izan da. Honela, jatetxeek ere badute zer-esana alde honetatik.

Webgunea lehendik dutenek errazago izango dute, aldaketa gutxi batzuekin eskaintza berria sortu ahal izango dutelako. Baina gaur egun internetek ematen duen erraztasunarekin, oinarrizko online zerbitzua prestatzea ez da zaila.

Aukera ugari ematen ditu webgunea izateak, lehen aipatutako menuen erakusleiho izatetik aparte. Erreserbak egiteko sistema jartzea ideia ona izan daiteke, telefonoa hartzen denborarik galdu nahi ez badugu. Horretarako egutegi-sistema ahalbidetuko duen plugin bat instalatu beharko dugu, webgunea egiteko erabilitako programaren arabera ezberdina izango dena. Asko dira eskuragarri daudenak, baita doakoak ere. Worpress erabiltzen duzuenok, adibidez, ReDi Restaurant Reservation  (https://wordpress.org/plugins/redi-restaurant-reservation/) erabili dezakezue. Honetaz gain, interneten ere badaude horretara zehazki bideratutako orrialdeak, Youcanbook.me, adibidez. Izena eman ondoren, gure eskaintza zein ordutegitara mugatuko den adierazi beharko da eta, azkenik, egutegia elkarbanatu gure webgunean.

4.- Arbela

Azken urteetan eskaintza erakusteko modu erabilienetakoa izan dira arbelak. Hori errazten duen material ugarik horretarako bide zabala ematen du. Betiko arbelak garestiak izan daitezke. Honela, nahi dugun pareta arbela bihurtzen duen margoa ere badago. Ondoren, bertan margotzeko diren rotuladoreekin gure eskaintza jarri dezakegu. Utzi sormenari bere lana egiten eta erakutsi zure eskaintzaren irudi hoberena!