Irudi korporatiboa bateratuz

Irudi korporatiboarekin jarraituz, Leitzako Musunzar taberna, jatetxe eta ostatuarentzako ere hainbat lantxo egin ditugu. Hasteko, zituzten txartelak berritu ditugu, datu guztiak mantenduz baina letra tamaina eta argazkia handituz eta logotipoa egokituz.

Horrekin batera, jatetxeko karta berria egin genuen aurrekoan oinarrituta. Atzealdean jatetxeko jangelako irudia du, argitua baina ondo ikusten dela. Letrak, Musunzarren irudia jarraituz, euskal estilokoak jarri ditugu, argiak eta irakurterrazak direla aprobetxatuz. Asteburuko menuentzako karteletan estilo bera jarraitu dugu, hosto antzeko osagarri batzuekin. Horiek guztiak jatetxearen kanpoan jartzeko zirenez, plastifikatu egin genituen gehiago irauteko.

Azkenik, ostaturako albaranak egin ditugu, originala eta kopia batekin. Berrogeita hamar originaleko liburuxkak dira, erraz mozteko zulatuak, grapatuak eta gainetik tapak itsatsiak.