Logotipotik irudi korporatibora

Azken hilabeteetan Barazki Bizidunak enpresarentzako hainbat lan egin ditugu, beren irudi korporatiboa osatzen lagunduko dutenak. Aurretik logotipoa bazuten ere, ez zuten toki guztietan erabiltzen ezta beti irudi berarekin ere. Hori dela eta, Iñaki Garciak, Mapik, guregana jo zuen irudi bateratua, berritua eta bere pertsonalitateari egokitutakoa sortzeko.

Zuten azken logotipotik abiatu ginen lana egiteko: eskuz idatzitako ‘Barazki Bizidunak’ letrak koloretako marratxo batzuekin lagunduta. Hasiera batean marratxoak mantentzea pentsatu bazuen ere, azkenean tximista berde batekin ordezkatu genuen, bere historiaren parte den gertakari bat gogoratzeko: duela bi urte inguru txingor ekaitza batek negutegia suntsitu zion. Kasu berezietarako, fondo berdea dagoenean edota bi koloretara inprimatu behar denerako, tximista beltza izatera pasatzen da, edota negatiboan jarrita, letrak eta tximista txuriak.

Txartelak, pegatinak eta sinadura

Logotipoaren osagarri, nekazaritza ekologikoa, datuak eta produkzio ekologikoko produktore izatearen datuak eta bere ikurra, jarri behar dira salmentarako beharrezko datuekin. Horrela, enpresako txartelak egiteko, bi bertsio egin genituen azkenean, bata fondo txuriarekin eta logotipoa bere horretan mantenduz, eta bestea, fondo berdearekin eta tximista beltzarekin.

Tomateen pegatinak

Horien osagarri, aurten lehenengoz bere tomateentzako pegatinak sortu ditu. Ahalik eta deigarrien izateko, tximistaren kolore berdea jarri genuen hondoaren kolore eta logoa beltzean. Ederki funtzionatu dute pegatinek, baita tomate produkzioak ere, eta jada bigarren inprimaketa egiten ari da, beste produktuetara ere zabaltzeko.

Nolanahi ere, logotipo berria irudi korporatibo osora egokitzea falta zen eta, hasiera besterik ez bada ere, emailerako sinadura eta whatsapperako ikonoa sortu genituen. Bietarako irudi bera egin dugu, ikonoak borobilak direla kontuan hartuz egokitzapen txiki batzuk eginez.