Bloga eguneratu gabe denboralditxoa pasa badugu ere, lan eta lan ibili gara Belakon. Ezkontza denboraldiaren amaiera aldera lantxo politak egiteko aukera izan genuen eta horietako bi aurkeztuko dizkizuegu gaurkoan, biak Segore Etxe-Berri jatetxerako. Oraingoan ezkontza menuen diseinu berri bat prestatu dugu, ezkonberriek dekorazioan erabili nahi zituzten koloreekin: morea eta lila.

Aurretik genuen diseinuan oinarrituta, ezkontza menuak, mahaien banaketarako posterra, mahaietarako zenbakiak eta gonbidatuen izenak egin ditugu. Esan bezala, morea eta lila ziren aukeratutako koloreak eta ezkontzako bazkarirako paper-lan guztiak horietara egokitu ditugu, lore-sorta berria ezarriz elementu guztietan.

Gainera, gonbidatu bakoitzaren lekuan gonbidatuaren izena zeraman txartela jarri nahi izan zuten, jatetxean tokia aurkitzea errazteko. Horretarako, lore-sorta eta letra tipo berak erabiliz 80×50 mm-ko txartelak egin genituen. Behean, ezkonberrien izenak eta data erantsi genion, eta akabera polita izan zezan, olatu itxurako krenatuarekin moztu genuen.