Garai batean gauzak biltzeko erabiltzen zen papera da kraft papera, gaur egun ekitaldien dekoraziorako asko erabiltzen da. Baita papergintzan ere. Txuritu gabeko paper pastarekin egiten da eta horregatik hartzen du kolore marroi hori, nahiz eta egun kolore askotakoak aurkitu daitezkeen.

Hain zuzen ere duen kolore bereizgarriak eskulanen eta diseinuaren aterak ireki dizkio kraft paperari, batez ere akabera ‘rustikoa’, landatarra edo tradizionala lortu nahi denean.

Azken hilabeteetan kraft paperean oinarritutako hainbat lan prestatu ditugu, ezkontzarako menuak, produktuentzako txartelak, ezkontza-gonbidapenak, eta abar. Zu ere horrelako zerbait prestatzen ari bazara ondorengo gomendioak kontutan izatea aholkatzen dizugu:

1.-Kraft paperaren tonua: paperaren gramajearen arabera argiagoa edo ilunagoa izan ohi da. Hori bai, beti alde bat bestea baino argiagoa da. Askotan paper ilunetan letra edo marrazki zuriak edo argiak jartzeko ideia izaten dugu, baina inprimagailu arruntek ez dute tinta zuririk. Horrez gain, inprimatzerakoan zuriak diren elementuak ez dira inprimatuko ordenagailuak ‘paperaren kolorekoak’ direla onartzen duelako. Horrek esan nahi du zuria edo kolore argikoa den guztia gero ‘marroia’ ikusiko dela.

2.-Kraft paper mota ugari daude, lisoagoak, testuradunak edota brillodunak. Zerbait inprimatu nahi badugu, komenigarria da gure inprimagailuak onartuko duen papera den jakitea, arazorik ez izateko. Izan ere, paper mota batzuk dituzten zuntzak inprimagailua zikindu dezakete eta kalitate eskasagoa lortuko dugu. Bestalde, paper guztiak ez dira gai ink-jet inprimagailuak, etxeetan ohikoenak direnak, duten tinta modu egokian xurgatzeko.

3.-Paperaren lodiera ere kontuan izan behar da. Lortu nahi dugun emaitzaren arabera finagoa, moldagarriagoa dena ondo etor dakiguke, edota lodiagoa eta gogorragoa dena, adibidez, txartelak egiteko. Ohiko inprimagailuek 300 gramora arte onartu ohi dute, baina bakoitzaren xehetasunak kontsultatu beharko dira arazorik ez izateko. Kraft papera lodiera ezberdinetakoa aurkitu daiteke egun. Gero eta lodiagoa izan, ilunagoa izan ohi da. Gonbidapenak, menuak edota produktuentzako txartelak egiteko mehea nahikoa izan daiteke, baina bisita txartelentzako lodiagoa erabili ohi da.